2012/11/23

Herrirak bat egin du azaroaren 25erako deitu diren mobilizazioekin


Herrira Mugimenduaren oharra Azaroaren 25aren harira:
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, Herrira mugimenduak bat egin nahi du Euskal Herriaren luze zabalean mugimendu feministaren eskutik antolatu diren mobilizazio eta ekimenekin.
Euskal Herriko milaka emakumek egunero pairatzen duten jazarpen eta umiliazio egoeraren aurrean gizartearen eta erakundeen inplikazioa eta jarrera ausarta beharrezkoak direla uste dugu.
Zentzu honetan, eta gure lan esparruari dagokionez, emakumezko preso politikoek espetxeetan bizi duten eskubide urraketa etengabean jarri nahi dugu arreta. Gizonezkoentzat pentsatua eta diseinatua dagoen espetxe sistema oso baten preso dira emakume hauek, emakume bezala dagozkien eskubideak erabat urratzen zaizkielarik.
Bereziki larriak diren egoerak ekarri nahi genituzke gogora, gaixotasun larriak izan arren oraindik espetxean mantentzen dituzten haiena hain zuzen. Gotzone Lopez de Luzuriagak preso jarraitzen Martuteneko espetxean, bularreko minbiziarekin, eta bere tratamendua duintasunez burutzeko oztopo handiekin. Inma Berriozabal, gaixotasun kroniko eta sendaezinak dituen arren preso dute Galizan, etxetik ehunaka kilometrotara.
Horrez gain, amatasuna galarazia aurkitzen duten ama presoen egoerak egun honetan aipamen berezia behar duela uste dugu. Frantziako kartzelatan sexualitatea garatzeko aukera erabat mugatua dago, eta horri lotuta, ama izan nahi duten presoek ezindua ikusten dute eskubide hori. Euskal Herrian ez dago amatasunerako modulurik. Espainiar Estatu osoan bakarra dago. Horrez gain, Espainiako kartzeletan haurrak hiru urte betetzean kalera atera behar du. Preso sozialek beste hainbat urtez luzatzeko aukera izaten dute haurrarekin bizitzea, kartzelatik kanpoko espazioak erabiliz horretarako. Euskal presoen kasuan berriz, ama eta haurraren arteko loturak eten bortitza izaten du, horrek dakartzan ondorio sozio afektibo eta emozionalekin, bai amarengan, bai eta haurrarengan ere.
Egoerak hauekin amaitu eta giza eskubideekiko konpromisoari lotzeko deia luzatu nahi diogu egoera hauen arduradun politikoei.
AZAROAK 25, 13:00etan LEIOAKO BULEBARREAN

No hay comentarios:

Publicar un comentario