2012/11/25

‘Herrira Noa’ Lipdub-aren sustatzaileek adin guztietako jendearen partaidetza eskatu dute


Urtarrilaren 12ko mobilizazioaren dinamikari lotuta abenduaren 8an Durangon egingo den Lipdubaren antolaketan batzorde zabal bat dabil azken asteetan lanean. Horietako batzuek ekimenari babesa eman diote gaur; bertan izan da baita ere kulturgile ezagun bat: Txan Magoa. Magia truku bat egingo du Txanek Lipdubaren baitan; baina, sorpresa da, noski! Antolatzaileek Lipdubaren izaeraz eta sentsazioez hitz egin dute. Esaterako, Ziortza Jaiok azaldu du herriko hainbat elkarte eta herritarrekin bildu direla: “Era askotako jendea gonbidatu dugu parte hartzera. Hasieratik, gertutik, guztiok egon gara lanean. Ekimena herriarena dela ikustarazi nahi genuen”. Lipdubaz hausnartu du Jaiok: “Mobilizatzeko beste modu bat da, jolasaren bidez. Jolastuz eta dibertituz ere mobilizatu ahal delako”.
Peru Magdalena sortzailea Lipdubaren gidoia egiten ibili da, eta kulturgileekin harremanak izan ditu bertan parte hartzera gonbidatzeko. Bere ustez, Lipduba ekimen historikoa izango da: “Elkartasun leherketa kolosala izango da, barrearen eta negarraren ertzetan ibiliko den herri-emozio orgasmo bat”.
Rosi Aranburuk babesa agertu dio Lipdubari. Durangon gaia komentatzen dela esan du, eta entzun arte askok Lipduba zer den jakin ez duten arren, bere inguruko asko prest agertu direla parte hartzeko: “Mobilizatzeko eredu hau gozada bat da, ilusioa egiten dit”. Adierazi du adin guztietarako aproposa dela, eta helduak ere animatu ditu parte hartzera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario